Prensa Sidrería SagarArte1

Sagarra Inspirazio

25/1/2024

Astarbe sagardotegian festa egin zuten atzo 'Sagarra-Manzana' ilustrazio bilduma inauguratzeko

Sagardotegi denek nahi diote bere etxeari kutsu berezia eman. Astigarragako Astarbe sagardotegia bere bide propio eta berezia urratzen ari da. Eta artea da bide horren ezaugarrietako bat. Atzo, adibidez, 'Sagarra-Manzana' izeneko margolan sorta estreinatu zuen. Hamaika ilustrazio koloretsu dira, Paul Lataburu donostiarrak eginak, denak loturaren bat dutenak sagardoa egiteko erabiltzen den frutarekin. Kondaira zahar batzuei buruzko margolanak dira, collage tankerakoak.

Nolako kondairak? Batetik, guztioi segituan burura datorkigun huraxe: Bibliako Genesian agertzen den fruta debekatuaren kondaira. Bestetik, greziar mitologiako Parisen epaiketa, gero Rubensek margotuko zuena. Alegia: Eris jainkosa -desadostasunaren jainkosa- haserre dago, Peleoren ezkontzara gonbidatu ez dutelako, baina hara azaltzen da eta urre koloreko sagar bat uzten du idazki batekin batera: 'Emakume ederrenarentzat'. Bertan zeuden hiru jainkosek nahi dute hura eraman: Hera, Atenea eta Afroditak. Zeus guztiahaldunak, orduan, Troiako Paris hautatzen du epaile.

Lehen ere eginak zituen Astarbek ahalegin artistiko batzuk. Iaz, Anna Roca Bárbara kataluniarrak ikatz-marrazkia egin zuen ohol baten gainean, bi gai lotuz: baleazaleak eta emakumeak. Orain hantxe ikus daiteke, sagardotegiko pareta batean. Jakina denez, iaz sagardotegi honek parte hartu zuen Ternua aldean egindako espedizio batean. Eta aspaldiko lotura dauka familia honek Ternuarekin, ikus daitekeenez XVI. mendeko agiri batean. Astarbe sagardotegia Mendiola baserrian dago, eta baserri horretako seme zen Tomas de Tafalla de Mendiolak testamentua egin zuen 1596an, balea harrapatzera goialde haietara zihoalako. Garaiko marinelen ohitura zen; ez baitzekiten atzera bizirik bueltatuko ziren.

Esanda bezala, Anna Roca Bárbararen margolan horretan bi emakume eta balea-isatsa ageri dira. Emakumeak sagardotegiko bi emakume dira: Kizkitza Astarbe eta beronen ama Agurtzane Galparsoro. «Sagardotegi honetan hamabost belaunaldi dauzkagu dokumentatuta, eta hamabost horietatik zazpi izan dira emakume jaraunsleak; hau da, zazpi aldiz emakumeren batek hartu du sagardotegiaren jabetza», adierazi dit Hur Astarbe bertako sagardogileak.

Eta iazko beste artelan bat: Sebas Larrañaga elgoibartarrak egindako eskultura. «Gure sagastitik sagarrondo batzuk kendu genituen, landare berriak landatu nahi genituelako, eta ateratako arbola haietako bat eman genion Sebasi, eskultura egin zezan», dio Hurrek. Eskultura figuratiboa egin zuen, tartean botila batzuk ageri direlarik, adarren barruan erdi sartuak.

Lehen, greziarren eta Rubensen sagarra aipatu dugu. Garai modernootara etorrita, René Magritte aipa dezakegu, sagarren inguruko bi koadro misteriotsu -eta surrealista- egindakoa: 'Gizonaren semea', non sagar batek ia guztiz tapatzen duen koadroko protagonistaren aurpegia; eta 'Entzuteko gela', non sagar berde-berde batek ia guztiz betetzen duen gela.Euskaraz, badaude sagarrari buruzko abesti batzuk eder askoak. Horietako bat, 'Aldapeko sagarraren adarraparen puntan', kantu oso jolastia, mundu guztiak ezagutzen duena, eta urrutira iritsitakoa Kalakan eta Madonnaren bidez:

Aldapeko sagarraren

adarraren puntan

puntaren puntan

txoria zegoen kantari.

Xiru-liruli, xiru-liruri,

nork dantzatuko ote du

soinutxo hori?

Orain denbora asko ez dela, Asier Zaldua kazetari finari irakurri nion uste izan dela letra eta musikaren egilea Zumarragako konpositore bat izan zela: Juan Ignacio Busca Sagastizabal (1868-1950). Gaztetan, etxetik Antioko ermita aldera zihoala entzundako txori batek sorrarazi omen zion abestia.

Hor dugu Lizardiren 'Urte giroak ene begian'-eko ahapaldi hura ere, gero Antton Valverde kantariak hain modu ederrean gizarteratutakoa:

Sagasti berri, sagasti zuri,

inguma-atsegintokia irudi,

elurte arian geldia!

Ezin urtuzko txingor ugari,

azpi gizenean duk nabari

zelai-bitxizko loredia…

Bernardo Atxagaren 'Sagarrondo ttipi' ere hor dugu, gero -1980an- Ruper Ordorikak kantu bihurtu zuena bere lehenbiziko diskoan, 'Hautsi da anphora' hartan, titulu hau ipinita: 'Sagarrondo bati seaska kanta'. Hona hemen hango pasarte bat, hasierakoa:

Geldiro haziko zara,

mara-mara,

sagarrondo xume,

zipriztin,

tto tto;

doi-doi gizendu,

sagarrondo ttipi,

hogei urtez geroegonen zara

potolo.

Felix Ibargutxiren artikulua, 2018-ko Ekainaren 3-an Diario Vascon argitaratu zena. Artikulu originala: https://www.diariovasco.com/culturas/sagarra-inspirazio-20180603113728-nt.html