Prensa sidrería SagarArte 2

Upel ondoko arte galeria

25/1/2024

Familia bereko hamabost belaunaldik idatzi dute Astarbe sagardotegiaren historia. Astigarragako (Gipuzkoa) Mendiola baserrikoak dira 455 urteko bidearen protagonistak. Sagarberri jaialdia egingo dute gaur urteurrena ospatzeko: besteak beste, sagarraren eta sagardoaren kondairei buruzko SagarArte galeria irekiko dute, jan-edanak eta musikak lagunduta.

Ospakizuna eta sagardoari lotutako artea uztartuko ditu Astarbek: «Sagardotegiak euskal kulturaren ispilu eta bilgune izan dira: bertso saioak, bola eta toka jokoak... egin izan dira», nabarmendu du Hur Astarbe Galparsorok, hamabosgarren belaunaldiko hiru anaietan bigarrenak. Duela bost urte hasi ziren sagardotegian kultur sormena bultzatzen, 450. urteurrenaren bueltan. Oraingoan, erakusketa bat antolatu dute: SagarArte galeria. Gaur irekiko dute, 12:00etan.

Hainbat artistaren lanak bildu dituzte: Xebas Larrañagaren How Deep Is The Ocean brontzezko eskultura, Iñaki Villanuevaren SagarZaina sagarrondo zizelkatua, Anna Rocaren Sagardoaren Belaunaldiak ikatz zirizko inprobisazioa, Aitor Zarzueloren Idunn film laburra eta Paul Latabururen Sagarra-Manzana ilustrazio seriea. Musika ere ez da faltako, besteak beste, Izaroren kontzertua izango baita. Dena, pintxoak eta sagardoa lagun.

Erakusketa ibiltaria

«Belaunaldiz belaunaldi pasatutako usadioa izan da», adierazi du Joseba Astarbe Galparsorok, hamabosgarren belaunaldiko gazteenak. Sagardogintzan lan egiten du, anaiarekin batera. Aurreko belaunaldien ohiturari jarraitu diote biek: «Odolean daramagu; hemen jaio, hazi eta bizi gara. Sagardogintza maite dugu, bere alde on eta txarrekin. Gure nortasunaren zati handi bat da».

Duela bi hamarkada ezagutu zuten Astarbe anaiek euren sagardotegiaren historia: «Aitak sagardoa betidanik egiten zela esaten zigun. Gipuzkoako Sagardogile Elkartea webgune korporatiboa egiten hasi zenean, Lourdes Odriozola historialarekin harremanetan jarri ginen, eta hark ikertu zuen», azaldu du Hurrek. 1563ko testamentu bat da lehen arrastoa, haren arabera.

Ikerketek erakutsi dutenez, balio historiko handiko sagardotegia da Astarbe: «Pasaiaraino iristen den errege bidean dago kokatuta; garai batean balea eta bakailao arrantzaleentzako sagardoa garraiatzen zen handik». Emakumeen garrantzia ere azpimarratu du Hurrek: «Emakumea ezinbestekoa izan da; hamabost belaunalditatik zazpitan oinordekoak emakumeak izan dira».

Historia luzea edukiagatik, «lozorroan» eduki zuten hura 2013ra arte. Urte garrantzitsua izan zen hura, anaiek esan dutenez, orduan eman baitzuten ezagutzera historia; Astarberen irudi berria ere aurkeztu zuten, apardun sagardoa merkaturatzearekin batera. Hain justu, hamabost urte inguru probatzen aritu ondoren ekoitzi zuten edaria; harekin egingo diete ongietorria gaurko festara bildutakoei.

Sagarberri jaialdia antolatzen buru-belarri ibili da Gorka Arizkorreta Arano Astarbeko turismo eta komunikazio arduraduna: «Urtean gai bat lantzen dugu; aurten, sagardoa eta sagardoaren kondairak landu ditugu. Sagarrak garrantzi handia eduki du kultura guztietan, baina guk Euskal Herria sagarraren historia guztiaren erdigunea bilakatu nahi dugu». Arizkorretak azaldu duenez, artista gazteei aukera bat eman nahi izan diete, baita ezohiko arte adierazpideei tokia egitea ere. Irekieran izango dira sortzaileak eurak ere.

Urteurrenak urteurren, sagardotegiko ohiko lanetan ere buru-belarri dabiltza astarbetarrak; uda ate joka denean, salmentan, komertzializazioan eta sagastiak lantzen ari dira, baita sagardoa botilaratzen ere. Beste urtaroetako lanak ere ez dituzte erabat baztertu, udazkeneko sagardoa egitea eta negu-udaberriko txotx denboraldia, alegia. Azken urteetan, gainera, ikerketan, berrikuntzan eta garapenean ahalegin berezia egiten ari direla adierazi du Hurrek; esate baterako, arbasoek ekoizten zituzten Mendiola eta Astarbe sagar barietateak berreskuratzeko lanetan dabiltza.

Sagarberri jaia heldu da, eta gogotsu daude anaiak, «ospatzeko eguna» izango baita. Halaber, udako denboraldiaren irekiera ere izango da gaurkoa —asteburuetan irekitzen dute, eta menua ere aldatzen dute—. Galeriak girotuko du jantokia hilabete horietan, baina ez da hor geratuko, beste herri batzuetara joango baita gero: «Erakusketa ibiltaria izatea da asmoa, euskal kultura toki honetan bakarrik ez geratzeko», esan du Arizkorretak. Udazkenean Mundakan (Bizkaia) egongo dela aurreratu du, eta txotx garaian beste herriren batek hartuko du.

 

Izaro Zinkunegi Barandiaranen artikulua 2018ko ekainak 2-an Berria egunkarian argitaratua izan zena. Artikulu originala: https://www.berria.eus/paperekoa/1736/042/001/2018-06-02/upel_ondoko_arte_galeria.htm

Argazkia: Jon Urbe/Foku